Lea-Artibaiko 16 ekoizle eta 33 ostalari-merkatari batu dira jada ´Hamen Bertokoa´ proiektura

Lea-Artibaiko elikagaien ekoizpena eta kontsumoa eskualdeko herritarren artean sustatzeko proiektuak bere lehenengo atxikimendu multzoa jaso du. 16 ekoizle eta 33 ostalari eta merkatari dira Hamen Bertokoa-ren filosofiagaz eta helburuekin bat eginda euren atxikimendua sinatu dutenak. Ekoizleen kasuan, euren produktuak Hamen Bertokoa-ko kide diren merkatari eta ostalarien esku ipintzeko erraztasunak emonez eta kalitatezko ekoizpenak ziurtatuz. Eta merkatari zein ostalarien kasuan, eskualdeko eta batik bat Hamen Bertokoa-ko kide diren ekoizleen produktuen erabilpenari lehentasuna eta ikusgarritasuna emonez.

Ekoizpen barietatea
Barazkigintzan dihardute atxikimendua eman dutenetako ekoizle asko, gehienak modu agroekologikoan; euretako batzuk fruta edo eta kontserbak ere lantzen dituzte, eskala txikian. Esneki eta gaztagintzan Markina-Xemeingo hiru ekoizle daude, eta herri berekoa da Gure Eztia eztigile bakarra be. Ogi eta gozogile bi, arrautza ekoizle bat, fruta ekoizle bat, sagardo eta txakolingintzan diharduten bi enpresa be hor daude, eta barazki kontserba lantegi bat.

14 merkatari txiki eta 19 ostalari
Dendari txiki askok gorde dute Lea-Artibaiko produktuak eskaintzeko ohitura. Orain, Hamen Bertokoa proiektuaren baitan, produktu horiek ikusgarriago ipini ahal izango dituzte, eta atxikimendua emon duten dendak eurak be Hamen Bertokoa-ren logotipo ezaugarria eukiko dute atean. 14 merkatari dira, momentuz, proiektuaren partaide egin direnak: Aulestiko bat, launa Ondarroa eta Markina-Xemeingoak, eta bost Lekeitiokoak.

Ostalariei dagokionez, eskualde osoko 19 establezimenduk ipiniko dute Hamen Bertokoa-ren distintiboa, eta euren eskaintzan edukitzen dituzten bertoko produktuen gaineko informazio argia agertuko dute, bezeroek be kontuan hartu dagien euren plater edo menu aukeraketan. Gehienak, 13, taberna-jatetxeak dira, horietatik lau jatetxe eta taberna izateaz gain alojamendukoak ere badira: bi hotel, hostel bat eta kanpin bat. Beste 6 tabernak osotzen dute zerrenda.

Laster ekingo zaio Hamen Bertokoa-ko kide diren ekoizleen katalogoa banatzeari, eta merkatari zein ostalarien establezimenduetan Hamen Bertokoa-ren ikurra ikusgarri ipintzeari.

Kontsumitzaileak ere, proiektuko kide
Lea-Artibaiko biztanleen elikadura ohiturak hobetzea eta bertoko produktuak kontsumitzeko kontzientzia piztea ere proiektuaren helburua da. Eta herritarrak eurak be Hamen Bertokoa-ren filosofiagaz bat egitea lortu nahi da. Horregatik, Lea-Artibaiko edozein biztanlek dauka aukera kide egiteko. Horretarako bide errazena www.hamenbertokoa.eus web gunean kide egitea da. Proiektuari buruzko informazio guztia modu zuzenean jasotzeagaz batera, produktuen zozketetan ere parte har daiteke. Gainera, kontsumitzaileei bideratutako bestelako ekintzak ere egingo dira aurrerantzean.

Hurrengo hitzordu berezia zapatu honetan, maiatzaren 4an izango da, Berriatuko Azokan. Bertan, Hamen Bertokoa-ren kide diren ekoizleek eskuorriak eta kide egiteko orriak be eskura edukiko dituzte. Gainera, Azokan bertan kide egiteko orria betetzen dutenen artean egingo da hilabete honetako produktu sortaren zozketa.

Menua

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula. Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu

Cookie Politika.

ONARTU
Aviso de cookies