Besteak

ALLENDE-SALAZAR ESKOLA

Gernika-Lumo

Eskolako jantokiaren ko-kudeaketa proiektua ipini zuten martxan 2016an Guraso Elkarteak eta ikastetxeak. Hornitzaileak aukeratzeko prozesua egin zuten, produktuak 12 lotetan banatuta. Bertan, irizpide ezberdinak saritu edo puntuatu ziren: eskualdekoa izatea, produkzio ekologikoa izatea eta abar. Guraso Elkarteak pertsona bat kontratatu zuen proiektua koordinatzeko.

Menu guztiak nutrizionista batek diseinatu ditu, elikaduraren inguruko instituzioen eta Hezkuntza Sailaren gomendioak kontuan hartuta.

NIREA ITSASLURRA PLATAFORMA

EAE

EAEko lehen sektorea eta landa nahiz itsasertzeko ingurunea berrindartu daitezen sustatzeko programa da. Bere helburuak hauek dira: ustiategien iraunkortasuna hobetzea, ekoizleen balioa areagotzea, negozio aukera berriak sortzea, euskal jendartearen aitorpena lortzea eta tokiko produktuen kontsumoa areagotzea.

Webgunean ageri dira EAEko ekoizleen mapa, sektoreko eragileen direktorioa, lehen sektoreko ekimenen ajenda edo eta garai bakoitzeko produktuen berri.

ELIKAGUNEA

Azpeitia (Gipuzkoa)

Euskal Herriko elikagaien topagunea da Elikagunea, Azpeitiko Azoka Plazan kokaturik. Euskal Herriko elikagaiak sustatuz eta kontsumo eredua eraldatuz, lehen sektorea indartu nahi duen proiektu kooperatiboa.

Azpeitia zentro bezala hartuta 150 km-ren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik biltzen dituen gune bat da, heziketa gunea, dastaketa gunea, sukaldea, Basque Label harategia eta janari dendak osatua.

DIAMETRO 200 SLOW-KAFETEGIA

Hernani (Gipuzkoa)

Orona Ideo enpresari lotuta sortu zen, bertako langileei tokiko eta sasoiko elikagaiekin eginiko bazkariak eskaintzeko. Hortik abiatuta, edozeini irekita dagoen jatetxea ere bada orain, baina soilik astegunetan irekita. Erabiltzen dituzten produktuen %90 Hernanitik 200 km baino gutxiagora ekoitzitakoak dira, eta horietatik asko, ekologikoak. Ogia, pastak, gozoak eta saltsak ere modu artisauan eurek prestatzen dituzte.

BETERRI KMO

Beterri-Buruntza eskualdea (Gipuzkoa)

Beterri-Buruntzako Udalek, Beterri Km0 proiektua martxan jarri dute 2018an, bertako nekazal ekoizpena eskualdeko kontsumitzaileen esku jartzeko helburuarekin.
Horretarako, janari denda, jantoki publiko zein taberna eta jatetxeetan bertako produktua saltzea erraztuko da. Leku hauek, Beterri Km0 zigiluarekin bereizi eta identifikatuko dira, kontsumitzaileak bertako produktua modu erraz batean eskuratu ahal izan dezan.

BERTATIK BERTARA

UROLA GARAIA eskualdea (Gipuzkoa)

Baserriko produktuen ekoizpena eta tokiko kontsumoa sustatzeko Urola Garaia eskualdeko lehen sektorearen estrategia propioa da, 2014tik martxan dena. Baserritarren beharretatik abiatu da eta hauek lurraldearen bizi ekonomiko eta sozialaren parte izatea indartu nahi du. Bertatik Bertara egitasmoak kontsumo arduratsua sustatzeko bideak egiten ditu, bertan ekoiztutakoa bertan erostea lehen pausua izanik. Eragile guztiak (nekazariak, kontsumitzaileak eta administrazioa) modu adostu batean dabiltza bidea egiten, eskualdearekiko konpromiso amankomun batekin.

ZER JAN, HALAKO BAZTAN

Baztan (Nafarroa)

Baztango Udalak eskualdeko ekoizleekin batera bultzaturiko proiektuak, bertako produktuen ezagupena eta balioestea du helburu. Bi hilabetean behin argitaratzen duten eskuorrian, ekoizleen eta produktuen gaineko informazioa zabaltzen dute, errezetekin batera.

Ekimen honen osagarri gisa, eskualdeko 13 ekoizleren artean Baztango Zaporeak zigilu edo marka amankomuna sortu dute, elkarte bezala eratuta.

EUSKAL HERRIKO ETXE EKOIZLEEN ELKARTEA ETA IDOKI SOR-MARKA

Ipar Euskal Herria

Lotuta dauden bi egitasmo dira. Etxe Ekoizleen Elkartea nekazari txikien artean sortu zuten 1989an, etxe-ekoizleak (baserritar txikiak) defendatu, ordezkatu eta egituratzeko, elkarrekin informazioa eta formazioa eskuratzeko, eta Euskal Herriko etxe ekoizpenak identifikatu, ezagutarazi eta saltzeko. 1992an elkarteak Idoki kalitatezko sor-marka sortu eta erregistratu zuen. Idoki-k etxe ekoizpena seinalatzen du. Jendearen heineko etxaldean, etxeko lehengaiak erabiliz, laborariak ekoizpena egiten du eta ahalaz zuzenean saltzen du.

Menua

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula. Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu

Cookie Politika.

ONARTU
Aviso de cookies