Hamen Bertokoa egitasmoak Urriko Asteburu Gastronomikoak dakartza urriko bost asteburuetara. Horri esker, Hamen Bertokoako ekoizleen produktuekin prestatutako pintxoak eta platerak dastatzeko aukera egongo da Lea-Artibaiko zenbait establezimendutan.
Guztira, bederatzi jatetxe eta tabernak hartuko dute parte ekimenean: Amorotoko Epermendik eta Ibai-Ganek, Etxebarriako Antsotegik, Lekeitioko Silken Uribarren, Trinkete eta Otoiok, Ondarroako Beikozinik eta Sutargik eta Ziortza-Bolibarko Kanpapek.
Zozketa berezia
Pintxo, razio edota platerak probatzen dituzten bezeroen artean, zozketa bat egingo da azaroaren lehen astean. Parte hartzeko, alde batetik, Hamen Bertokoako produktuekin prestatutako jakiaren argazkia igo beharko da sare sozialetara (Instagram edota Facebook) #hbproduktua hashtag-a erantsiz, eta bestetik, establezimendua etiketatu beharko da, beti ere sare sozialetako erabiltzailea bada.
Parte-hartzaile guztien artean ekimeneko bederatzi establezimenduetako batean gastatzeko 50 euroko bonoa zozkatuko da. Bonoa abenduaren 31 aurretik gastatu beharko du irabazleak.